1995eko Frantziako Tourra

1995eko Frantziako Tourra
Datu orokorrak
Lasterketa82. Frantziako Tourra
Etapak21
Datakuztailak 1 – 1995.eko uztailak 23
Luzera3.635 km
HerrialdeaFRA Frantzia
BEL Belgika
Irteera-lekuaSaint-Brieuc
Helduera-lekuaParis
Parte-hartzaileak189
Amaitu dutenak115
Bataz besteko abiadura39,191 km/o
Emaitzak
TxapeldunaEU Miguel Indurain (Banesto)
TxapeldunordeaSUI Alex Zülle (ONCE)
HirugarrenaDEN Bjarne Riis (Gewiss-Ballan)
Puntukako sailkapenaFRA Laurent Jalabert (ONCE)
Eskalatzailerik onenaFRA Richard Virenque (Festina-Lotus)
Gazte onenaITA Marco Pantani (Carrera Jeans-Tassoni)
Talderik onenaESP ONCE
◀19941996▶
Dokumentazioa

1995eko Frantziako Tourra Itzuli Handi honen 82. edizioa izan zen. 1995eko uztailak 1 eta 23 artean ospatu zen, 3635 kilometroko ibilbidea eginez 21 etapatan banatuta, garaileak 39,193 kilometro orduko abiaduran bete zituenak. Lasterketa Saint-Brieucen hasi eta Parisko Champs Elyséesetan amaitu zen.

Miguel Indurain, beste behin ere, tourra irabazteko faborito nagusia zen. Tony Rominger, Italiako Giroa irabaztetik zetorrena, berriz ere bere arerio nagusien artean zegoen. Arerio nagusi hauen artean Yevgeni Berzin errusiarra zegoen, Romingerren atzetik bigarrena izan zena urte horretako Giroan eta Indurain jada garaitu zuena 1994ko Italiako Giroan.

Sarrerako etapa ez ohikoa izan zen, etapa erdialde inguruan sekulako euri zaparrada egin baitzuen, honek, faboritoek etapa garaipena lehiatzea eragotzi zuelarik, non Jacky Durandek irabazi zuen, erlojupekoan espezialista ez zena.

Gewiss-Ballan taldeak indar handia erakutsi zuen taldekako erlojupekoan, etapa irabazi zuelarik ONCEren aurretik. Taldeko liderra zen Berzinez gain, talde hartan beste txirrindulari garrantzitsu batzuk ere bazeuden, Bjarne Riis eta Ivan Gotti.

Lehen etapetan ez zen inongo eskuzabaltasunik egon eta guztiak esprintean erabaki ziren. Zazpigarren etapan, Liejan amaitzen zena, Miguel Indurain agresibo bat ikusi zen, Johan Bruyneel belgikarrarekin batera helmugara iritsiko zena pelotoiari minutu bat baino gehiago ateraz. Zortzigarren etapa lehen bakarkako erlojupekoa zen. Indurainek berriz irabazi zuen erlojupeko bat, oraingoan, aurreko urteetan bezain erabakigarria izan ez zen arren, Riis, Rominger eta Berzin nahiko gertu izan baitzituen.

Alex Züllek, aurreko eguneko erlojupekoan ia lau minutu galdu zituena, arantza kendu nahi izan zuen Tour hartako lehen mendateko amaieran, La Plagnen. Etapan zehar lider birtual bezala jarri ondoren, azkenean, etapa garaipena lortu zuen, Induraini bi minutu ateraz, nork etapa hartan asko sufritu zuen. Etapa hartan, Berzinek, hamargarren etapan lasterketa utziko zuena, bere aukera guztiei agur esan zien, helmugan 17 minutu baino gehiago galduz. Romingerrek ere, Indurainekiko lau minutu galdu zituena, beste behin, bere itxaropena zapuztua ikusi zuen. Hala, Zülle bihurtu zen Indurainen arerio handi Tour hartan.

Hamargarren etapak, Alpe d'Huezen amaitu zena, Indurainek gainditu beharreko arerioa Zülle zela berretsi zuen. Hauekin batera Bjarne Riis daniarra zegoen, sailkapen nagusian hirugarren zegoena, baina jada sei minutura. Garaipena Marco Pantanirentzat izan zen.

Kelme taldeko kolonbiarra zen Hernán Buenahora hurrengo etapan saiatu zen garaipena lortzen, baina bidaide oker bat aukeratu zuen, Maximilian Sciandri italiar-ingelesa, helmugan askoz azkarragoa izan zena.

Hamabigarren etapak, oso ibilbide gogor eta sigi-sagakoa Erdialdeko Mendigunean zehar, Indurain arazo larritan jarri zuen, Laurent Jalabert zegoen iheslari talde bat osatu baitzen, iheslari hauek 16 minutuko abantaila izatera iritsi zirelarik, eta Jalabert sailkapen nagusiko lidertzan jartzera. Alabaina, Banesto taldearen talde lanak nabarmen murriztu zuen iheslarien abantaila, hala, bere liderraren maillot horia mantenduz. Hala ere, Jalabertek, etapa irabaztea ere lortu zuena, sailkapen nagusiko hirugarren postuan jartzea lortu zuen.

Pantanik bere bigarren etapa garaipena lortu zuen Guzet Neigen, non bakarrik eta pelotoiarekiko abantaila askorekin iritsi zen, etapa honek hobekien sailkatuentzat ondoriorik izan ez zuen arren.

Hamabosgarren etapan, Richard Virenque frantziarrak berriz protagonizatu zuen etapa irabazteko eta mendiko sailkapena bereganatzeko balioko zion ihesaldi luze bat. Egun horretan bertan, lehen mendatea zen Portet d'Aspeten jaitsieran zenbait txirrindulari erori ziren. Dante Rezze frantziarra malda batetik erori zen, baina ondoriorik gabe. Ez zuen horrenbeste zorte izan Fabio Casartelli italiarrak, korderik gabe zegoena errepidean talka gogor baten ondoren. Helikopteroan eraman zuten ospitalera, baina Casartelli hilda iritsi zen hara.

Hurrengo etapa neutralizatua izan zen. Pelotoiak batuta korritu zuen egun guztian zehar, Casartelliren taldea zen Motorolakoek esprintetan eta mendian sari guztiak lortzea baimenduz, hildakoaren familiari (emaztea eta bi hilabete baino ez zituen seme txiki bat) emango zitzaizkienak. Etapa amaieran, Motorola taldea pelotoiari aurreratu zitzaion eta nabarmenduta iritsi zen, italiar txirrindulariari omenaldia eginez. Bi egun beranduago, Limogesen, Lance Armstrongek etapa garaipen hunkigarri bat lortu zuen, hau ere hildako bere taldekideari eskaini ziona.

Azkenaurreko etapa, 46 kilometroko bakarkako erlojupeko bat, oraingoan ez zen hain erabakigarria izango, eguna amaitzean, hoberenen postuak berdin mantendu baitziren.

Djamolidine Abdoujaparov izan zen Parisko Champs Elyséesetan amaitu zen etapan, puntukako sailkapena Laurent Jalabertentzat izan zen arren; Richard Virenquek irabazi zuen mendiko sailkapena erabateko nagusitasunez, Hernán Buenahora izan zen lehiakortasunaren saria irabazi zuena eta Bruno Cornillet izan zen faroltxo gorria, Indurainengandik 3 ordu eta erdi baino gehiagora.

1995ean, Indurainek, garai guztietako txirrindularirik hoberenak izan ziren Jacques Anquetil, Eddy Merckx eta Bernard Hinaulten errekorra berdintzea lortu zuen, baina, hauek ez bezala, bostak jarraian irabazi zituen. Podiuma Alex Zülle eta Bjarne Riisekin konpartituko zuen.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search